Historia

Aralar ezker abertzalea modu zibil eta politiko baten ordezkatzen duen alderdi politikoa da: Ezker abertzalearen beste sentsibilitate bat ordezkatzen du. Ezker abertzaleak bere baitan beti izan duen sentitzeko modu hori gorpuztu egin zuen Aralarrek. Horretarako lehen urrats horiek, Euskal Herritarrok hauteskunde plataformak izan zuen arrakastaren ondoren, Batasuna prozesua abiatu zenean iritzi ildo moduan eman zituen.

 

Iritzi ildo horrek erakundeetan normltasunez parte hartuko zuen egitura politiko autonomo baten aldeko apustua egin zuen. Inongo talde armaturekiko menpekotasunik gabe, eginkizun politikoari lehentasuna emango zion egitura politiko baten alde. Euskal Herriko gatazka politikoari, irtenbidea, elkarrizketaren bitartez eman behar zitzaiola defendatu zuen bere hasierako pausoetatik. Hori horrela izango zela ziurtatzeko, iritzi ildoko partaideek alderdi propioa sortzea erabaki zuten, eta ildo ideologikoaren eta ildo politikoaren inguruko eztabaidak burutu eta gero, 2002ko ekainean bere eratze kongresua egin zuen Aralarrek.

2002an hasitako ibilbide horrek hauteskundeetako lehian sartu zuen Aralar. Hasieratik Nafarroako lehen indar abertzale bihurtu zen lau parlamentari eskuratuz, eta EAEko legebiltzarrean eta hiru Batzar Nagusietan ordezkariak izatea ekarri du. Baita, Arabako Diputazioan diputatu bat ere.

Horrez gain, 2004ko Espainiako gorteetarako hauteskundeak zirela eta, Nafarroan ekimen berritzailea sustatu zuen: Nafarroa Bai. Lau alderdi abertzalea eta ezkerrekoren koalizioak (Aralar, Batzarre, Eusko Alderdi Jeltzalea eta Eusko Alkartasuna) ordezkaria eskuratu zuen Madrilen eta, 2007an Nafarroako Foru hauteskundeetan bigarren indar politiko bihurtu zen.

EAE mailan ere ezkerreko alderdiekin eta erabakitzeko eskubidearen alde daudenekin elkarlana bultzatzen saiatu da Aralar. Horrela 2003ko Espainiako Hauteskunde Orokorretara Zutikekin koalizioan aurkeztu zen eta 2007ko Foru Hauteskundeetan Ezker Batuarekin egin zuen koalizioa.

Kongresuak

2002ko ekainaren 22an eta 23an Aralarrek bere lehenengo kongresua egin zuen Gasteizko Villasuso jauregian, Ehkotopia izenburupean. Bertan onartutako ponentzia politikoan ezarri zituen gerora bere ibilbidean lagun izan dituen ezaugarriak: independenismoa, sozialismoa, ekologismoa, desobedientzia zibila eta globalizazioaren aurkako jarrera, besteak beste. Aralarren jardun eremua ere ezarri zen kongresuan. Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan egituratzeko erabakia hartu zen, Iparraldean dagoeneko Abertzaleen Batasuna bezalako erakunde batek ezker abertzale politiko eta zibilaren eginkizuna betetzen zuelako. Kongresu horretan, alderdiko koordinatzaile orokor izendatu zuten militanteek Patxi Zabaleta, eta, zuzendaritzako kide, Juan Martin Elexpuru, Julen Madariaga, Iñaki Aldekoa, Juan Luis Ercilla, Miren Egaña, Ernesto Merino, Ion Andoni del Amo, David Garnatxo eta Inaxio Lopez Arana.

Geroztik beste lau kongresu burutu ditu Aralarrek; 2004an Ezkerretik Independentziara izenburupean egin zuen bigarrena, Donostian. Patxi Zabaleta izendatu zuten koordinatzaile nagusi militanteek eta zuzendaritzako kide Jon Abril, Iñaki Aldekoa, Fernando Atxa, Mikel Basabe, Ainhoa Beola, Jon Andoni del Amo, David Garnatxo, Maritxu Goikoetxea, Fernando Hevia eta Ainhoa Larrañaga. “Independentzia aukera politiko bat da eta aukera hori bilaka daiteke eta bilakatuko da gehiengoaren onespenaz”, adieraz zuen bigarren kongresuan koordinatzaile nagusi izendatu eta gero Zabaletak. Honako ponentzia politikoa onartu zuten.

2006an EzkerrAberri lelopean egin zen Aralarren ildo politikoa finkatu eta sendotzeko balio izan duten kongresuetan azkenekoa, Bilbon. Aralarren militante guztiak biltzen dituen organoak Patxi Zabaleta izendatu zuten alderdiaren ordezkari nagusi, beste behin ere. Mikel Basabe, Jon Abril, Iñaki Aldekoa, Eneka Arantzabal, Ainhoa Beola, Oxel Erostarbe, Itziar Gomez, Dani Maeztu, Iosu Murgia eta Aritz Romeo, berriz, zuzendaritza kide. Harritik Herrira izenburuko ponentzia politikoa onartu zuten Kongresuan.

2009an egin zuen bere IV. Biltzarra Aralarrek, Iruñean, "Ezkerreko alternatiba abertzalea sendotzen" lelopean. Inoizko biltzarrik jendetsuena izan zen, eta bertan onartu zen hiru urterako ildo ideologikoa, kongresuaren izen bereko ponentzia politikoan bildutakoa.. Biltzarrak Patxi Zabaleta izendatu zuen, laugarrengoz, Koordinatzaile nagusi, Jon Abril koordinatzaileorde, eta Rebeka Ubera antolaketa idazkari. Horiekin batera Dani Maeztu, Asun Fernandez de Garaialde, Txiki Iriarte, Joseba Abaitua, Nekane Perez, Diana Melon, Joxe Mari Ostolaza, Itziar Aizpurua, Aritz Romeo eta Ainhoa Beola aukeratu zituzten zuzendaritzakide. Horiez gain, lau herrialdeetako koordinatzaileak dira zuzendaritzakide: Txentxo Jimenez (Nafarroa), Alex Larragoiti (Araba), Josu Murgia (Bizkaia) eta Oxel Erostarbe (Gipuzkoa); eta baita Legebiltzar taldeko bozeramale Aintzane Ezenarro.

Bere V. Biltzarra Derion egin zuen Aralarrek (2011-09-17), eta bertan onartu zuen hurrengo urteetarako bere ponentzia politikoa. Patxi Zabaleta koordinatzaile nagusi aukeratua izan zen berriro. Berarekin batera, gainontzeko zuzendaritzakideak aukeratu ziren: Rebeka Ubera, Txentxo Jimenez, Maite Sarasua, Dani Maeztu, Fernando Hevia, Maritxu Goikoetxea, Aser Lertxundi, Joseba Abaitua, Igor Lopez de Munain, Iosu Murgia, Ainhoa Beola eta Asun Fernandez de Garaialde.

Bere VI. Biltzarra Bilbon eta Iruñean egin zuen Aralarrek, 2014ko urrian. Bertan koordinatzaile nagusi kargua utzi zuen Patxi Zabaletak. Rebeka Uberak hartu zuen haren lekukoa, eta idazkari nagusi izendatu zuten Aralarreko militanteek. Patx Zabaleta, berriz, alderdiko ohorezko presidente izendatu zuten. Bi kide horiez gainera, Hegoaldeko Zuzendaritzarako aukeratu zituzten Aitor Zaldua, Nekane Perez, Jon Iñarritu, Maite Sarasua, Aser Lertxundi, Rikardo Otxoa, Ainhoa Beola eta Asun Fernandez de Garaialde. Ekosozialismoa eta independentzia izenburuko ponentzia politikoa onartu zuten biltzarrean.