Arrazakeria eta klasismoa, txanpon bereko aurpegiak

Arrazista da euskal gizartea? Galdera hori behin baino gehiagotan egin diogu gure buruari. Lan eta prospekzio soziologiko bat baino gehiago egin dira galdera horri erantzuna bila-tzeko. Ondorioa antzekoa izan da beti: ez, euskal gizartea ez da arrazista. Ez beste inguruan ditugun beste gizarte batzuk bezain arrazista. Baina galdera hori etengabe egin behar diogu gure buruari, ia egunero, tentazio okerretan ez erortzeko eta gure gizarte eta antolaketa ereduan zulo iluna ez uzteko. Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen (edo aldarrikatzen) dugun honetan, aukera paregabea daukagu gure buruari galdera hori egiteko. Arrazistak al gara?

Oro har, gizakiak beldur dio ezezagunari. Eta beldur horrek zenbait jokabide izatera bultzatzen gaitu. Oso ondo ezagutzen dute gizakiaren oinarrizko jokabide hori zenbai-tzuk, eta etekin politikoak lortzeko erabiltzen dute. Ikusi besterik ez dago nazioartean ultraeskuineko mugimenduak izaten ari diren gorakada. Eta jokabide politikoetan ikusten den hori, gizartean errotuta dagoen zerbait delako da. Eta gure ondo-ondoan, Frantziako estatuan, hori gertatzen ari bada, adi egon behar dugu guk ere, honaino iritsi ez dadin.

Garai zailak dira bizi ditugunak “normaltasunetik” kanpo geratzen den ororentzat. Baina, zer da “normala” izatea? Zergatik erabiltzen ditugu termino horiek? Zer edo zein da baztertu beharrekoa eta zein ez? Nork erabakitzen du hori? Gure sisteman “zuriaren” botere gose hegemonikoaren irizpideak dira nagusi. Galde diezaiegun, bestela, bere kultura propioarekin gure artean makina bat urte diren ijitoen komunitateko kideei.

Arestian esan bezala, euskal gizartea ez da arrazista, baina bai klasista, zurien irizpideak barneraino txertatuta ditugulako. Eta horrek ondorio lazgarriak ditu gurean: bazterketa, segregazioa… Gu ere mundu globalizatuan bizi gara, eta berez eta historikoki anitza den gizartean ere ez gaude arriskuetatik salbu.

Egunotan adibide argi ikusi dugu nola mobilizatu den euskal gizartea etorkinen aferarekin, gure artean, Durangon, egun batzuetan izan diren etorkin kurduen kasuarekin. Eta ezin dira ahaztu nahi milaka euskal herritarrek etorkinen eskubideen alde egiten duen lan boluntario, ordain ezin eta txalogarria.

Inoiz munduan izan den migrazio fluxu handiena daukagu, interes geopolitiko eta ekonomikoek beraien herrietatik at sustatutako gatazka armatuek eraginda. Estatu desberdinetako agintari zein erakundeek harrapatuak aurkitu dira orain arte ereindako kapitalismo garaikidearen sareetan, pertsonak salgai jartzeraino iritsiaz. Basakeria horri aurre egiteko erdi loakartua dagoen gizarte daukagu, nahiz eta, esan bezala, egon badiren gure artean elkartasun mugimendu indartsuak.

Bigarren migrazio uholdean bizi da euskal gizartea. Lehenaren kudeaketa txarraren ondorioak pairatzen jarraitzen dugunean, bigarren migrazio uholdea daukagu esku artean (ez neurri berekoa, oraingoz). Horrek agerian utzi du gurean ere badirela zenbait jokabide arrazista errotuak, nahiz eta XXI. mendeko garaiei egokituta azaleratu.

Baina, abiapuntuko galdera berriro eginez, arrazistak edo klasistak gara? Oso marra lausoa dago gurean kontzeptu baten eta bestearen artean. Pertsonen maila ekonomiko, sozial eta bestelako ezaugarriak agerikoak dira bazterketaren gauzapena gertatzean. Gure hezkuntza sisteman gertatzen den segregazioa horren adibide ezin hobea da. Eta segregazioak ez du jatorririk. Berdin aplikatzen zaie hemen jaiotakoei zein jatorria beste herrialderen batean dutenei. Maila ekonomiko edota kulturala da segregazioa markatzen duena. Kasualitatea? Gizartearen isla? Norantz goaz? Beti egon da hor, baina orain azalerago dago. Bi abiadurako irakaskuntza sistema egonkortu da, eta orain arte hezkuntza sistemak (eta bereziki sistema publikoak) bete beharko lukeen fun-tzio orekatzailea eta berdintzailea ahuldu egin da. Hau ez da, jakina, hezkuntza sistemaren ardura soilik, gizarte oso batena da. Erakundeen bidez bideratzen dituzten politika zehatza batzuen ondorioa da. Hala, gero eta desoreka sozial handiagoak daude, gero eta distantzia handiagoa gehien dutenen eta gutxiago dutenen artean.

Etxeko lanak ditugu. Inoiz ahaztu behar ez dugun pertsona guztioi dagozkigun eskubide guztiak aldarrikatzeko eta borrokatzeko leloak arrazoi eta zentzu gehiago dauka orain. Milaka herritarren urteetako borrokaren bidez lortutako eskubideak galtzen joan dira azken urteetan. Indartu diren baloreen ondorioa eta ezarri diren politika zehatzen ondorioa da hori guzti hori. Eta horren erroan daukagu nagusitasunaren sena, ezaugarri zehatzen araberakoa: jatorria, arraza, sexua, erlijioa, etab.

Hausnar dezagun guztiok nahi eta behar dugun gizarte ereduaz. Ekin diezaiogun lanari. Ekin diezaiogun guztiok libre eta eskubide guztien jabe izango garen gizartea eraikitzeari, oso hurbil ditugun tentazioetan erori gabe. Egunero, etengabe. Pentsamendu askatasuna egunero praktikan jartzen duen gizarte anitza baino gauza ederragorik ez dagoelako. Guztiok aberasten gaituelako. Eta guk, euskal herritarrok, hori lortzeko baldintza guztiak ditugulako.