Iraganeko geltokian kateatuak gaituen akordioa

Oso nabarmen geratzen ari da gaur egungo marko juridiko politikoa agortua dagoela; eta agortua dago, azken buztankadak ematen, erakundeen funtzionamendu zaharkitua. Baina ezinean aurkitzen gara; ezinean, etorkizunari begiratuko dion eta garai berrien erronkei aurre egingo dien erakundeen funtzionamendua erdiesteko, gure joko-zelaia berritzeko, alegia, marko juridiko politikoa eguneratzeko, herritarrek eta gizarte honek dituen beharrei erantzun eraginkorrak eman al izateko. Baina, batez ere, guztion artean demokratikoki erabakiak hartu eta esparru demokratikoa eraikitzeko. Izan ere, gero eta sakonagoa eta egiturakoa bilakatzen ari da bi abiadurako gizartea; gehiago dutenen eta gutxiago dutenen arteko lubakia areagotzen ari da, nahiz eta batzuek ikusezinarena egin. Baina errealitatea oso gordina da, eta lehenago edo beranduago agerian geratzen da.

Bitartean, 20 urte atzera, Ardanzaren garaietara eramaten gaituen EAJ/PSE-EEren akordio baten aurrean aurkitzen gara. Alderdi interesei erantzuten diena eta ez pertsonen interesei; pertsona instrumentu bilakatzen duena -kapitalaren, prekarietatearen menpean, lehiakortasunaren mesedetan- eta ez helburu; gizartearen aukera berdintasunerako, kohesio sozialerako, aberastasunaren birbanaketarako zutabea den sistema publikoa alboratzen duena, batez ere bi abiadurako hezkuntza egonkortuz eta pertsonak lehiakortasunaren zerbitzura jarriz. Laburbilduz, kea eta kea saltzen ari dira.

Inongo anbizio eta ausardiarik ez duen akordioa. Soilik iraganean katramilatzea, aurrera begiratzeak ezezagunaren aurrean beldurtzen dituelako.

Gehiengorik ez duen akordioa da, soilik egoera normalizatuan oso normala izan beharko litzatekeen ezkerreko aliantzak desaktibatzea duena xede; denbora irabazteko, krisi sakonean dagoen “makulu” alderdia sendotzea du helburu, berriro ere, iragana etorkizunari gailentzeko.

Egonkortasunaz ere hitz egiten zaizkigu, edo erabiltzen da aitzaki gisa, akordioa justifikatzeko. Baina zein egonkortasun? Espainiako estatuaren egonkortasuna? Espainiako Estatuaren batasuna? Zeren, egia esan, akordio hau zerbait bada, Espainiako Gobernu ultraeskuindarraren defendatzaile sutsuena da, jarraitzailea da, Espainiako batasunaren defentsan. Kataluniako herriari bizkarra ematen dio, eta Espainiar Gobernuari men eginez, Kataluniako herria garatzen ari den demokratizazio prozesuari aurre egiteko akordio bilakatzen da. Urteetan eskutik eta elkartasunez jokatu dugun Kataluniar herriari EAEko gobernuak bizkarra eman dio. Hautestontziak jartzegatik inputatuak izan diren eta preso politikoak bilaka daitezkeen Govern eta Parlament-eko hautetsien inguruan zein prozesuaren inguruan inbestidura saioan bertan gobernuko alderdien aldetik egin ziren aipuak benetan kezkatzekoak dira.

Joango gara ikusten akordio honek emango dituenak eta bere ondorioak. Baina nire inpresioa izan zen ezta Urkullu bera ere ez zegoela eroso eginiko akordioarekin. Eta zer esanik ez PSE-EEko kideak. Ikustea besterik ez Pastorren aurpegia.

Oraingoz, dakiguna da 8 urte galduak ditugula jada, eta lan asko aurretik. Eta aitortu beharra ere badago, aurreko inbestidura saioekin alderatuta, posizioak ez zirela hain tinkoak izan, eta lubakietatik mugitzeko aukera gehiago egon daitezkeela, batez ere elkarbizitzari dagozkion eremuetan. Ikustear dago estatus politiko berriaren eraikuntzan akordioak jasotzen duenetik harago erabakitze eskubidea jaso eta egikaritzeko bideak irekitzeko aukera egon daitekeen. Kataluniak eta Gure Esku Dagok izango dute zer esana honetan ere.

Tira, hasieran besterik ez gaude. Ikusteko oraindik legegintzaldiak hartuko duen norabidea. Baina norabide horretan, EH Bilduk jokatuko duen papera erabakigarria izango da, iraganeko tunel beltzetik irten, edo tunel beltzean jarraitu eta beste legealdi galdu baten jarraitzeko.