Espaniar Gobernuak estatu kolpea iragarri du eta denok mehatxatu gaitu

Atzo Espainiako Ministro Kontseiluak iragarritako 155. artikuluari lotutako neurrien aurrean Aralarrek ondokoa adierazi nahi du:

1- Kataluniako herria eta erakundeak era demokratiko eta baketsuan aritu izan dira une oro. Herriaren nahiari bidea eman nahi izan diote eta hori gauzatzeko elkarrizketaren bidea aukeratu dute. Elkarrizketarako eskaintzak beti jaso ditu ezetza eta mehatxua Espainiako erregimenaren aldetik.

2-.Espainiak bere totalitarismo osoa erakutsi du. Era demokratikoan lortzeko gai izan ez direna estatu kolpe baten bitartez lortu nahi dute. Argi geratzen ari da arazoa 78an sortutako erregimen kontrolatu eta kutsatu hura dela. Bipartidismoa defendatzen duten alderdiek bat egin dute Ciudadanoseko ultraeskuinarekin eta Espainiako komunikabide guztien laguntza eta bultzadaz estatu kolpea diseinatu dute Katalaniarren borondate demokratikoa garaitu nahian.

3-. Gobernua kargugabetu, Parlamentua kontrolatu eta dagozkion eskuduntzak murriztu, Telebista kontrolatu, horiek guztiek dira edozein estatu kolpeak ematen dituen urratsak. Ezin ukatu Espainiak Katalunian estatu kolpea eman duela, autonomia bertan behera utzi duela eta horrek estatuan kateatuta gauden beste herri batzuentzako era oharra izan nahi duela. Rajoy Espainiako presidentea gezurretan ari da esaten duenean autonomia ez dela bertan behera utzi.

4-. Une hauetan Kataluniako herri eta erakundeen alde egon behar dugu, gure elkartasun irmoena erakutsi behar diegu eta argi izan behar dugu Katalunia defendatzea Euskal Herria eta demokrazia defendatzea dela.

5-. Bereziki larria da PSOEren jarrera, larria, adibidez, EAEn EAJrekin batera gobernuan dagoelako. EAJk berrikusi beharko lituzke PSErekin dituen akordioak. Ezin da ituna garatu eta elkarlanean ibili demokrazia ukatzen duenarekin, autonomiak ezabatzea ontzat ematen duenarekin eta are gutxiago Katalunia edota Euskal Herriko herri izaerak onartzen ez duenarekin.

6-. Estatu Espainolari, PP eta PSOEri kataluniako eskuduntzak ez erasotzea eta elkarrizketaren bidetik abiatu daitezela exigitzen diegu. Ezin da demokrazia garatu herrioi dagozkigun eskubideak onartu gabe eta gure eta Kataluniako herri izaera aintzat hartu gabe.

7-. Berriro ere euskal eragile guztiei, alderdi zein sindikatu eta eragile sozialei luzatu nahi diegu gonbidapena gure bide propioa egiteko. Argi dago Espainiar Estatuan ez dagoela bide demokratikorik eta Euskal Herriak bere bide propioari ekin behar diola bere etorkizuna bermatu nahi baldin badu.