Aralarrek Espainiako Gobernuaren jokabide totalitarioa eta lekuz kanpokoa salatzeaz gain, Guardia Zibilaren disoluzioa eskatzen du

Gaur Espainiako gobernuak Generalitat-eko gobernuan militarki esku hartzean eta Govern-eko kideak atxilotzean demokraziaren printzipio eta askatasun guztiak urratzearekin batera, agerian utzi du salbuespen egoera batetan gaudela. Eta Kataluniaren auzian benetan jokoan dagoena herritar guztion eskubideak eta askatasun demokratikoak direla.

 

Hori dela eta, lehendabizi Kataluniar herriari, Kataluniako herritarrei eta hautetsiei elkartasuna eta gure babes osoa adierazteaz gain, eskertu nahi ditugu errepresio indarren aurrean demokraziaren defentsan eta sakontzean ari diren ahaleginagatik.

Bigarrenik, Aralarrek Guardia Zibilaren disoluzioa eskatu nahi du, ez delako baliagarria ez ordena mantentzeko ez eta herritarrak defendatzeko ere. Agerian geratu delako beste behin, errepresio politikorako erakundea dela.

Hirugarrenik, dei egin nahi diegu bereziki Nafarroako eta EAEko gobernuei askatasun demokratikoen, erakunde demokratikoen eta herritarren erabaki eskubidearen defentsan ari diren hautetsi, erakunde eta herritarrekin elkarlanari ekiteko.