Aralarrek larunbatean demokraziaren aldeko mobilizazioan parte hartzeko deia egiten du

 Aralarrek Gure Esku Dagok antolaturiko mobilizazioa babesteaz gain, herritarrak gonbidatu eta animatu nahi ditu larunbatean, Gure Esku Dagok antolaturiko mobilizazioan parte hartzeko.

 Larunbatean Catalunyari babesa ematearekin batera, demokrazia bera defendatzeko Gure Esku Dago erakundeak deitu duen manifestazioan parte hartzeko deia luzatu nahi die Aralarrek euskal herritar guztiei. Desberdintasun ideologikoetatik haratago, demokraziaren defentsa oinarrizkoa da eta inoiz baino gehiago, demokrazia bera arriskuan dagoen honetan, guztioi dagokigu, Catalunyaren ondoan egotea; Catalunyako herriari eta herritarrei dagokien erabaki eskubidea defendatzea, Euskal Herriari eta herritarrei dagokien erabaki eskubidea defendatzea delako. Demokrazia defendatzea delako.

Estatu espainolak bere tresna errepresibo guztiak martxan jarri ditu, gobernu kideak mehatxatu ditu, alkateak espetxeratzeko prest agertu da, bozkatzeko ontziak eta papeleten bila bidali du guardia zibila, justizia gobernuaren nahien menpe jarri eta herritarrak ere mehatxatu ditu. Horrengatik guztiagatik inoiz baino premiazkoa da herrien eta herritarren askatasunaren alde, erabakitzeko eskubidearen alde, demokraziaren alde eta inposaketa eta errepresioaren kontra Bilboko kaleak betetzea. Argi utzi behar diegu demokrazian sinesten ez duten eta defendatzen ez duten agintari espainiarrei eta guztiz usteldua dagoen Estatu Espainiarrari aurrean izango gaituztela.