Aralarrek zoriondu eta eskertu nahi du Catalunyak egingo duen urrats demokratikoa.

Aralarrek zoriondu ez ezik, eskerrak ere eman nahi dizkie Catalunyako gizarteari, gobernuari eta parlamentuari ematera doazen urrats demokratiko eta kualitatiboagatik.

Demokrazian sakontzeko aurrera bidean segitzen du Catalunyako gizarteak euren erakundeek lagunduta; herritarrek borondatea adierazi nahi dute eta hori egin nahi dute molde natural, zentzudun eta legalean. Batzuek legea gotorleku modua erabiltzen dute Madrilen, baina Catalunyan argi uzten digute legeak herritarrek adierazitako borondatearen ondoriozko gehingoen baitan egikaritzen dela.

Aralarren iritziz, Catalunyako politikari, erakunde eta herriak lekzio demokratikoa eta koherentea eman digu azken urteetan, urratsez urrats euren borondatea adierazteko eta askatasunean erabakitzeko egiten duten ibilbidea lekuko. Zentzu horretan, euskal jendarteari, erakunde eta alderdi politikoei ekarpena eginez; ez dagoelako gure herriaren erabakitze eskubidearen eskuratze bidean laguntza estimatuagorik bide bera egiten ari diren herrien prozesua baino.

Beraz, zoriontzeaz eta eskertzeaz gain, guk ere haien prozesuan bidelagun izateko eta babesa adierazteko egin genezakeen ekarpenik hoberena gure herriari dagokion erabaki eskubidea eskuratu eta gauzatzeko gure ibilbide propioan sakondu eta azkartzea da.