Aberri Eguna Gernikan

Aralarrek Aberri Egunean Gernikan egingo diren ekitaldietan parte hartzeko deia luzatu nahi die euskal herritarrei. Gernika ikur bihurtu zuten duela 80 urte faxistek eta Gernikaren esanahiak ozen entzuten ditugu gaur egun: herri honen erabakitzeko nahiaren isla da Gernika eta herri honen etorkizun askean sinisten dugun topalekua bihurtuko dugu.

Garai berriak jorratzen ari dira Euskal Herrian. Herritarrak eredua izan ginen Baionan elkarbizitza eta bakeari bide emanez, milaka herritarrek esan genuen Iruñean Euskara dugula gure herriaren hizkuntza; eta milaka herritar izango gara igandean, Aberri Egunean, Gernikan herri honek bere etorkizun politikoa erabaki eta eraiki nahi duela aldarrikatuko dugunak.

Bakearen ikurra da Gernika, elkarbizitzaren eredu. Bakearen bidetik eraikiko dugu elkarbizitzan Euskal Herri berria, justuagoa eta duina. Herritarrek erabakiko dute, kanpoko esku-hartzerik gabe eta mundu osoko herriekiko elkartasunean hazia jarrita. Aralarrek argi du oztopoen gainetik herri honek aurrera egin duela, herritarren indarrekin oztopoak gainditzea lortu dela. Era horretara, herritar orori eta herri indarrei Gernikan bat egiteko deia egiten diegu.