Hitzetatik ekintzetara aitortutako eskubideak errealitate bihurtzeko

Urtero lez martxoak 8a heldu zaigu eta oraindik borrokarako bide luze eta zabala dugu aurretik. Egia da borroka feministari esker emakumeoi eskubideak aitortuak izan zaizkigula, hobe esanda, feministon borrokari esker eskubideen aitortza irabazi dugula, hala ere, oraindik urrats asko eman behar ditugu berdintasun erreala lortzeko.

Aitortza beharrezkoa da baina ez da nahikoa eskubideak gauzatzeko, emakumeoi zor zaigun berdintasuna egia bihurtzeko. Hitzak gainditu eta ekintzetara jo behar dugu, onartuak dauden berdintasun legeak garatzeko, baliabide tekniko, ekonomiko eta normatiboak jarri behar direlarik. Jendarte osoari dagokion lan horretan orain arte bezala mugimendu feminista aitzindaria izan beharko da; erakundeetan, kalean, etxean, lantokian, bakoitza bere esparrutik elkarlanean.

Sexuen araberako lan banaketa bertan behera utzi behar dugu, esparru produktibo eta erreproduktiboaren arteko desberdintasunak jendarte demokratiko baten garapena oztopatzen du: ez dago bereizketa onartzen duen gizarte demokratikorik, eta beraz, guztioi dagokigun lan eta borroka baten aurrean gaude. Arlo guztiak abiatu behar ditugu berdintasunaren bidean; esparru sozioekonomikoa, politikoa, kulturala, pribatua zein publikoa, denak jarri behar dira berdintasunaren bidean. Jendarte orok barneratu behar du emakumeok garela gure erabakien jabe bakarrak. Eta egiazko errealitateren bidean, gizarte osoak emakumeok gure buru, gorputz eta erabakien jabe garela barneratu berharko, orduan egongo gara indarkeria matxistarekin bukatzeko bide onean.