Aralarrek Sara eta alaba Izar elkarrekin egotearen aldeko manifestaziorako deia egiten du

Aralarrek dei egiten die herritar guztiei bihar, Donostian, Sara Majarenas eta Izarren alde egingo den manifestazioan parte hartzeko. Sara Majarenasek, beste hainbat preso politikok bezala, kalean egon beharko luke. Sararen kasuan, gainera, gizatasunak hala behartzen duelako. Izar, bere hiru urteko alabatxoa, aitak erasotu eta zauritu zuen, eta orain, hiru urte beteko duenean, bere amarengandik aldenduko dute. Izarrek amaren babesa behar du eguneko 24 ordutan, eta amarengandik urruntzeko Espainiako estatuko justiziak hartu duen erabakia onartezina da.  

Espainiako estatuaren mendeku politikaren krudeltasuna muturreraino eramaten ari da Alderdi Popularra. Ez da justiziarik Espainiako estatuan. Ikusten ari gara egun hauetan nola erabakiak desberdinak diren epaitzen dituzten pertsonen arabera. Espainiako estatuak salbuespen legediak mantentzeaz aparte, bere krudeltasun eta injustiziaren ereduak idatziz uzteko gai dela ikusi izan dugu. Orain, martxoaren 2an, Izar eta bere ama banatzen dutenean gutxieneko onberetasunaren kontrako eraso berri bat gauzatuko du Espainiako estatuak.

Hala ere, ez dugu etsiko. Aralarrek argi du, amnistiaren bidean, gaixorik dauden euskal preso politiko guztiak, zigorraren ¾ bete dituzten presoak etxera etorri behar direla eta bereziki Sara Majarenas eta Izar. Mendeku politikaren krudeltasuna sufritzeaz gainera, biolentzia matxistaren biktimak ere badira, eta erabaki honekin, Espainiako estatuak modu bortitzean zigortuko ditu berriro Sara eta Izar.

Horregatik guztiarengatik, Sara eta Izarren aldeko plataformak deituta, bihar arratsaldeko 19:00etan, Donostiako Boulebarretik abiatuko den manifestazioan parte hartuko dugu, eta herritarrei bertan parte hartzeko deia luzatu nahi diegu. Sarak eta Izarrek elkarrekin egon behar dutelako; elkarrekin eta aske.