Aralarrek ongi etorria ematen dio Ipar Euskal Herriko Euskal Elkargoari

Urte hasieran Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeak batzen dituen lehen instituzioa eratu zen: Euskal Elkargoa. Atzo egin zuten lehen batzarra erakunde berriko ordezkariek, Baionako unibertsitateko campusean. Bertan erakundeko lehendakari aukeratu zuten Jean-René Etxegarai Baionako alkate zentrista. EH Baik Etxegarai babestu zuen.

Ipar Euskal Herriak erakunde propioa izatea urrats garrantzitsua da Euskal Herriaren egituraketan; egun pozgarria eta historikoa izan zen atzokoa Aralarrentzat eta euskal herritar guztiontzat. Izan ere, lehen aldiz Euskal Herriko hiru erabaki esparruak erakundetuak izango ditugu eta horrek aukera paregabea irekitzen du Herri ikuspegiko lanean sakontzeko, beti ere eremu bakoitzaren aitortza eta erabaki ahalmenaren errespetutik. Lehendabizikoz hiru eremuak parez pare lanean jarduteko aukera zabalduko da, hainbat eta hainbat eremutan eta bereziki euskal komunitatearentzat. Euskararentzat, esate baterako, beste eskenatoki baterantz urratsak emateko bidea izango da, euskararen ofizialtasuna eta normalizazioa xede izanda.

Aralarrek azpimarratu nahi du Herri Elkargoaren lehen biltzarrak hasiera ematen dion ibilbideak Euskal Herria nazioarteko agendetan kokatzeko eta mundu mailan gure herria eta komunitatea plazaratzeko parada ematen digula.

Hasierako urratsak eman ondoren, lan trinko eta gogorrari aurre egiteko unea da orain, herri gisa ditugun helburuak gauzatzen joateko. Zentzu horretan, Aralarretik gure prestutasuna adierazi nahi dugu bidai horretan bidelagun izateko eta gure ekarpena egiteko hainbeste aldarrikatzen dugun estatugintzan, eta gainerako eragileekin elkarlanean aritzeko.