Espainiar gobernuak Sara Majarenas askatu behar du.

Aralarrek Espainiar gobernuari exijitzen dio legea bete eta Sara Majarenas aska dezala, berehala. Erakus ditzala Euskal preso politikoen kontrako aplikatzen duen bidegabeko mendeku politikan gizatasun apur bat eta legea betez aske utz dezala Sara Majarenas, une latz hauetan, Izar, bere alabaren alboan egon dadin.

 

Zigor bikoitza pairatzen du Sara Majarenasek; alde batetik Estatuaren indarkeria, salbuespeneko legediaren aplikazioaren bidez gauzatzen dena, eta bestetik bortizkeria matxista. Azken honen bere alde ilunetarikoa agertu zaiolarik egun hauetan; gizona izandakoak alaba erasotu baitu, krudelki.

Beraz, ezin dugu ahantzi eta albo batera utzi Sara Majarenas, beste hainbat euskal preso politikoren antzera, Estatuak ezarritako  zigor krudel baten biktima dela; 13 urteko zigorra ezarri zion justizia espainolak, 12 urte bete ditu dagoeneko baina oraindik kartzelan dago. Izar bere alabarengandik urruntzeko zorian zegoen, baina Sarak, legeari jarraituz kalean egon beharko luke.

Eta guzti horri gehitu behar diogu Sararen familiak jasan izan duen eta jasaten duen dispertsio politikaren zigor bidegabea. Aralarrek eten gabe salatu du dispertsio politika, eten gabe salatu du preso dauden emakumeek zigor bikoitza jasaten dutela, eta horretan segituko dugu azken presoa aske izan arte.  Ez da lehen emakumea, lehen euskal presoa zigor erantsi bidegabe, gupidagabea jasaten ari dena; baina azkena izatea nahi dugulako, behar beharrezkoa, gizalegekoa, justiziazkoa, ezinbestekoa eta premiazkoa da demokraziak eta horren egiturak ahalbidetzen dituzten mekanismoak aktibatzea Sararen egoera dramatikoari eta Sararen antzera dauden gainerako euskal presoen egoera bidegabeei amaiera emateko. Hori dela eta, Aralarrek Sara Majarenas andrearen, euskal presoaren, pertsonaren askatasuna aldarrikatzeaz gain, eskatzen dugu.