Guk salatzen dugu, gu Bilbon izango gara.

Guk salatzen dugu dispertsio politika. Guk salatzen dugu preso gaixoek pairatzen duten mendeku zigorra. Guk salatzen dugu presoei dagozkien giza eskubideak urratuak izana. Guk salatzen dugu presoen senideei ezartzen zaizkien bidegabeko gainzigorra. Guk salatzen dugu bakea eta elkarbizitzari Espainiar eta Frantziar gobernuek jartzen dizkioten oztopoak. Guk giza eskubide guztiak pertsona guztientzat aldarrikatzen ditugu, guk pertsona orori dagozkion giza eskubideak preso dauden pertsonei ere dagozkiela nabarmendu nahi dugu, eta horregatik guztiagatik gu Bilbon izango gara datorren larunbatean, hilak 14, Sare-k deitutako manifestazioan. 

Lotsagarria da PPko gobernuak presoak nola zigortzen eta erabiltzen dituen euren interesen menperako, lotsagarria bakeari eta elkarbizitzari jartzen dizkioten oztopoak.

Aralarrek behin eta berriro esan du pertsona guztiek eskubide guztien jabe izan behar direla eta preso dauden pertsonen eskubideak ere bermatu eta errespetatu behar direla. Oinarrizkoa iruditzen zaigu, oinarrizkoa etorkizuna eraikitzeko. Estatuen oztopoen gainetik herritarrak elkarbizitza bake eta demokratikoa eraikitzen ari gara Euskal Herrian, eta eraikitze lan horretan guztiok gara beharrezkoak, baita preso politiko guztien ekarpenak ere bai, eta ekarpenak baino haratago gurekin nahi ditugu, gure artean.

Bilbon bilduko gara milaka lagun giza eskubideen alde. Aralarrek, aralarkideak ezezik, euskal herritar guztiak gonbidatu nahi ditu parte hartzera. Amnistia da gatazka politiko baten konponketari dagokion irtenbidea, eta Amistiaren bidean Bilbon elkartuko gara.