Barregarria da bi estatu elkarlanean aritzea ETAk armatua jarraitzeko

Bart Luhuson (Lapurdi) izandako atxiloketen harira, Aralarrek Espainiako eta Frantziako estatuen jarrera salatu du. Era horretara, bi estatuen jarrera barregarria txarretsi du, ahaleginak eta bi egiten ari delako eta elkarlanean ari direlako armagabetzen ahalegintzen ari den ETA erakundea armekin jarraitzeko. Era horretara, azken hilabeteetan Espainiako eta Frantziako estatuek mantentzen duten jarrerak eta egindako ekintzek eta adierazpenek antzerki bateko gidoirako ematen duela agertu du.

Aralarrek azpimarratu du bart atxilotutako pertsonak Ipar Euskal Herriko gizarte zibileko pertsona ezagunak direla eta giza eskubideen defensa eta aldarrikapenarengatik nabarmendu direla. Hala, Espainiako eta Frantziako estatuek bakearen alde konpromisoa hartzen duten gizarte zibileko kideei tamaina horretako mehatxuak egitea lotsagarritzat jo du. Giza eskubideen aurka egiten ari dira bi estatuak, Aralarren ustez.

ETA erakundeak armagabetzeko bere borondate osoa agertu daukala gogoratu du du Aralarrek eta, horrenbestez, ETA armagabetutako erakunde bezala hartu beharko litzatekeela esan du. Era horretara, giza eskubideen errespetuan oinarritutako etorkizuneko eszenatokia eraikitzeko eta bide horretan sakontzeko eskaera egin du.

Amaitzeko, gaur arratsaldean Baionan egingo den manifestazioan egongo dela iragarri nahi du Aralarrek eta bakearen eta giza eskubideen errespetuaren alde dauden herritar guztiei bertaratzeko deia egiten die.