365 egun euskaraz

Euskararen eguna gaur, gure hizkuntza nazionala aldarrikatzeko eguna. Alabaina, egun bateko aldarritik harago egunerokotasunaren aldarria egin behar dugu. Euskaraz bizitzeko konpromisoa gure egin behar dugu. Euskaraz bizi nahi dugu. Euskara erabili, baliatu, usatu eta enplegatu behar dugu eta baita maneiatu eta lardaskatu ere.

Kike Amonarrizek adierazi berri duen legez, euskararen normalizazioaren bidegurutzean gaude. Hurrengo hamar bat urtean jokoan dugu euskara Europako ezein estatu-mintzaira izatea ala Irlandako galeikoaren moduko estatus sinbolikoa soilik izatea. Orain hartzen ditugun hautuak eta diseinatzen ditugun estrategiak batera ala bestera eramango gaituzte.

Aralarrek argi izan du beti hautua. Aralarrek euskaraz bizitzeko konpromisoa hartu zuen sortze-une beretik. Euskara hizkuntza nagusi duen Euskal Herri eleanitza ipini genuen gure helburuen artean. Horretarantz urratsak egin ditugu: euskaraz lan eginez, eztabaidatuz eta biziz gure barne-bizitzan. Horrela ari gara eta arituko gara etorkizunean ere.

Normalizazioa ez da Aralarren lana soilik, gizarte osoarena baizik. Euskararen normalizazioaren bidaia horretan bidaideak ezinbestekoak dira. Hortaz, eta Kikeren beraren hitzak usatuz, euskara elkargune, lokarri, zoru komun bihurtzeko esfortzuan nahi duen orok bidai-lagun izango du Aralar. Hori ere bada gure konpromisoa.

Bien bitartean euskara erabiltzen, baliatzen, usatzen, enplegatzen, maneiatzen eta lardaskatzen segituko dugu.